Mapa interaktiboa
Ikusi Nafarroaren kokapen mapa
Nafarroako Erdialdeak eskaintza zabala jartzen du bertan ostatu hartu nahi duenaren eskura: hotelak, kanpinak eta landa etxeak, eta, egonaldia berezia izatea nahi bada, Leire eta Kodesko monasterioetako ostatuak edota Erriberriko "Vianako Printzea" Paradore Nazionala.
Erdi Aroan esnatu eta Nafarroako erresumako errege-erregina zarela sentitzea ez da zaila "Vianako Printzea" Paradore Nazionaleko jauregi zaharrean ostatu hartuz gero. Izan ere, Erriberrin dago, Karlos III.a Prestuak errege-erreginen egoitza izateko hautatu zuen herrian, alegia. Plazer handia da jauregi berriko behatokietako batean eseri eta zeruertzari so egitea. Halakorik eginez gero, mendixka leunak antzeman eta herri harrigarriak (Uxueko erdi aroko gotorlekua, esate baterako) iradokiko zaizkizu.
Oso lasaigarria da haizearen txistua aditzea, dorreen artean zeharka-meharka dabilena, Nafarroako Erdialdea ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen Donejakue bidea bezala. Bideak monumentu ondare oparoa duten herri asko ditu geldileku: Zangoza, Gares, Estella-Lizarra eta Viana.
Eskualdeak gauza gehiagorako gonbita luzatzen du: erromes batekin solasaldi lasaia gozatu, bisitariei so egiten dietenen istorioak entzun edo ilunabarra Eunateko Andre Maria elizaren arkuen babesetik ikusi.
Eta bazter batzuk berriro aurkitzeko aukera ere ematen du: Arbaiungo arroila, non isiltasuna eta ugatzen zein sai arreen (Europako kolonia garrantzitsuena dago hor) hegaldi dotore-dotoreak nahasten baitira, edota Urbasa-Andiako Natur Parkeko arroka karstikoetatik eraisten den ur turkesen iturburua.
Egun lasai bat igaro ondoren, zer hobe lagun minekin egon baino: nafar barazkiak, haragi erre zaporetsua eta bertako postre gozoak (Zangozako "gloriak" eta Estella-Lizarrako Puyko "arrokak"). Zangozatik hurbil, Leireko San Salbatore monasterioko ostatua duzu zain, Leire mendiaren magalean. Naturaren edertasunak eta historiaren garrantziak elkarri luzatzen diote eskua bertan.