Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Opor Lasaiak

Erribera

Lo egiteko ordua iristen denean, gustu eta prezio guztietara egokitzen den ostatu eskaintza zabala dago Erriberan: Tuterako hoteletatik Errege Bardeatik hurbil dauden aterpetxe edo landa etxeetaraino, Fiteroko bainu-etxea ahaztu gabe.    

Bitxia da Valtierrako kobazuloetan lo egitea. Lur barnean egindako etxeak dira, eta eskualde horretako arbasoen bizimodua ezagutzeko aukera ematen digute. Errege Bardeako Natur Parketik hurbil daude. Bertako paisaia eder-ederra da, liluratu egingo gaitu: gune irekia, idorra, erantzia da, haizeak itxuratu duena, buztin, igeltsu eta hareharrien gainean. Ilargiko itxura duen paisaia, isiltasunean galtzeko.      

Alde handia dago Bardeako basamortuak sortzen duen zirrararen eta Nafarroako hegoaldea zeharkatzen duten ibai emaritsuen (Ebro, kasu) irudiaren artean. Geldoak, patxadatsuak, sigi-saga egiten dute Erriberako lautada zabaletik, plater zoragarrien oinarri den baratze oparoa elikatuz: menestra, zainzuriak, kardoa, borraja edo pikillo piperra.     

Paisaia Queiles eta Alhama ibaien ibarretako olibondoek osatzen dute, baita itxura bihurrituengandik deigarriak egiten zaizkigun mahastiek ere, Nafarroako jatorrizko deitura duen ardoaren fruitua elikatzen dutenek, alegia.  

Tuteran, Erriberako hiriburuan, hiriaren historia zizelkatu zuten kultur kristau, arabiar eta judutarren nahasketa ezagutu daiteke. Kale bateko izkina batean, leiho bateko ertzaren azpian edo etxe bateko teilatu-hegal baten babesean, bare-bare antzematen da zer izan zen hiria eta zer eskaintzen dion leku lasai baten bila dabilen bisitariari.