Mapa interaktiboa
Ikusi Nafarroaren kokapen mapa
Nafarroako Pirinioaren erakarpen nagusia natura eta paisaia oparotasuna da. Nafarroako iparraldeak ostatu hartzeko formula ugari eskaintzen ditu: kanpinak edo aterpetxeak, landa ostatu desberdinak (etxeak, apartamentuak eta hotelak) ahaztu gabe. Haietan guztietan, ondo-ondoan sentituko duzu mendia, gauaren lasaitasunak estaliko zaituelarik.
Baserri batean esnatu eta leihoa irekiz gero, natura basatiak logela hartzen duela sentituko duzu, ihintzaren eta belar berdearen usain freskoa hedatuz. Gaztainondo eta pagoetako hostoen txilin-hots xuxurlariak dei egiten digu, Iratiko oihanean eta ibar piriniarretan barrena ibiltzen diren bidexketatik ibiltzeko. Eginez gero, herrien landa xarma izango dugu ikusgai. Makina bat bazter duzu zain: Aezkoako garaiak, Baztango jauregiak, profil izurtuko Ultzama ibar berdea, Urbasako soilguneetan izaten diren latxa ardietako taldeak,...
Halaber, enklabe garrantzitsuak (batzuk, kondairazkoak, eta beste batzuk, historikoak) daude, paisaia bare eta patxadatsuaren osagarri: Orreagako kolegiata, Donejakue bidearen atea dena Nafarroan, eta Aralarko San Migel santutegi erromanikoa, XII. mendearen hasierako erretaula (esmaltez eta harri-kristalez egina) duena altxor nagusi.
Pirinioetatik paseatzeak gosetu egiten du. Karta zabala jartzen da mahai gainean: behi eta ardi haragiak, foie-grasa, ahate-urinekoa, perretxikoak, izokina edo amuarraina, eta ehizakiak, bere garaian. Postrerako, ardi esnez egindako gaztak (Erronkari edo Idiazabalgo jatorrizko deiturakoak), kanutilloak kremarekin, mami famatua edo Agoizko kostrada.