Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Opor Lasaiak

Iruñerria

Iruñeak hiri osotik sakabanatutako hotel, ostatu, pentsio eta apartamentuak jartzen ditu bisitariaren eskura.  Gainera, kanpin bat eta hainbat landa etxe daude inguruetan. Ingurunea bisitariaren neurrira egin nahi da: berdegune asko eta aglomerazio gutxi, urteko garai gehienetan. Gehienetan, zeren eta, uztailaren 6tik 14ra, hots, Sanferminak heltzen direnean, hiria aldatu egiten da, transformatu, hiri jendetsu-jendetsua bilakatuz.   

Iruñeak estresa bazter uztea eskatzen du. Denbora iragan egiten da, hirigune erdi-erdian dagoen Gazteluko plazako terraza batean esertzen bazara. Plazer handia da kaleko giroa ikustea. Bitartean, pintxo bat hartu daiteke, Nafarroako jatorrizko deiturako ardo bat lagun, edo plaza koloretsua argitzen duten eguzki izpi berotsuak sentitu, besterik gabe. 

Erlojua ahanzteko unea da, Ziudadela edo Taconera parkeetatik ibiltzeko, kaleetako arkitekturan zehar noraezean ibiltzeko, hiriaren historiak eta kondairak entzuteko, harresietako isiltasunaren, Donejakue bidearen edo Andre Maria katedraleko klaustro gotikoaren (Europako ederrenetako bat da) bidez.   

Hiriak eskaintzen duen lasaitasuna aukera aparta da Sanferminetan egiten diren entzierroen ibilbidea gozatzeko, Mercaderes kaleko bihurguneak edo Estafeta kale famatuak iradokitzen duten tentsioa eta sentsazioa biziz. 

Iruñerako bisita osatzeko, aisia, kultur eta kirol eskaintza zabala du bisitariak eskura. Izan ere, eskalada, parapentea, mendi ibiliak, hipika edo golfa egiteko aukera dago Iruñerria osoan. Hori dena natur ingurune atseginean: herri txikiak eta ongi zaindutakoak, Erreniaga mendia, Artetako iturburua eta Ollo zein Ultzama ibarrak.